“Sustatu.Com” webgunea.
Osteguna, 2013ko azaroak 14a.
Munduko xake txapelketa jokoan Chennain... eta Interneten.
| 2013-11-14 : 16:20
Azken urteotako oihartzunik handiena izaten ari da 2013ko Munduko Xake
Txapelduna erabakitzeko Chennain (India) jokatzen ari
den matxa, jokalarietako baten jaioterrian. Aurrez
aurre egungo Txapelduna, Viswanathan
Anand, indiarra baina Madrilen bizi dena; eta Magnus
Carlsen, norvegiarra, 22 urtekoa eta Nazioarteko
Federakuntzaren zerrendaburua,
sekula jokalari batek lortu duen puntuazio altuena izan duena (2.872 puntu
2013ko otsailean).
Partidak larunbatean hasi ziren eta interneten sekulako jarraipena izan
zuten. Indiako 15:00tan hasten dira partidak, Euskal Herrian goizeko 10:30ak
direnean, eta larunbatean sekulako ikusmina zegoen matxaren
inguruan. Askoren iritziz, 1972an
Islandian Bobby Fischer eta
Boris Spasskyk jokatu zutenaren ostean garrantzitsu eta ikusgarria
izango dena. Horrelako ikusminik behintzat ez da aspaldian sortu xakearen
inguruan.
Indian bertan, Anand egungo txapelduna, heroi gisa
tratatzen dute eta Indiako kirolari onenaren saria eman diote.
Norvegian, Carlsen ere antzeko zerbait da.
Eliteko xakea nolabait normalizatu duen gazte bat da Carlsen.
Sustatun
bertan ere argitaratu zen bere berri 2004an, Mallorcan jokatu zen xake
olinpiadan egon baitzen. Ez da xakeagatik bakarrik famatu egin, G-Star erropa markaren modeloa izan
zen 2010eko neguan eta orain dela gutxi iragarri dute aurten ere berriz izango
dela marka berdinaren modeloa.
Txapelketa Norvegian bertan oihartzun izugarria izaten ari da. Bertako telebista partidak zuzenean
eskaintzen ari da bertako jokalarien komentario eta guzti, VG egunkaria ere jarraipen handia egiten ari da eta
joan zen astean Carlseni buruzko dokumental
on bat eman zuen.
Asteburuan 700.000 ikusletik gora izan ditu Norvegiako telebistak
txapelketa honi buruzkoak zuzenean eskaintzerakoan. Igandean % 42ko share-a izan omen zuen partidak. VG egunkariaren
audientziak ere gora egin du, eta asteburuan zehar 150.000 ikusletik gora egon
dira egunkariaren webgunetik partidak jarraitzen. Horiexek dira ostiral goiz
honetan, 5. partida hasteko ordu bi geratzen direnean Norvegiatik
datozen albisteak.
GQ aldizkariak ere eman
zuen honen berri eta tuit batean laburtu zuenez,
bere webgunean agertutako xakeari buruzko albisteak, Victoria
Secreten modeloen 100 argazkiak baino ikusmin
handiagoa sortu zuen.
Baina partidak dirauten artean, xakelariak ere hor ibiltzen dira/gara
partidak jarraitu nahian. Antolatzaileek webgune
ofizialean eta YouTuberen bidez zuzeneko irudiak eta komentarioak
ematen dituzte, horretarako lau gonbidatu dituzte: Lawrence Trent, Tania
Sachdev, Susan Polgar eta Ramesh RBrekin. Guztiek Twitter erabiltzen dute ikusleen iritzi eta galderak
erantzuteko, eta lehenengo egunean izan zen jada lehenengo polemika:
Antolakuntzak #FWCM2013 traola erabiltzea eskatzen zuen, ikusleok ordea #AnandCarlsen
esanguratsuagoa erabili genuen. Gerra irabazi egin genuen.
Twitterren bertan, eta Norvegian, Munduko Txapelketaren matx
hau TT izan da azken egunotan:
Zer gertatuko den? Nork irabaziko duen?
Ez dakit, jende askorentzat Carlsen faborito argia
zen. Nik ez nuen garbi eta lehenengo 4 partiden ostean ez dut garbi oraindik.
Baina lehenengo bi partidetako berdinketen ostean jendeak matx
hau aspergarria izango zela ere esan zuen, eta hirugarren
eta laugarren partidekin lehenengo biak guztiz ahaztuarazi
dizkigute. Borroka gogorra eta luzea izango da.
http://sustatu.com/erralin/1384442423